Saltar el menu
hiztegia online Euskal biblioteka online

Barria

2010-01-19 17:11

Jose Maria Bengoa gogoan

 

Jose Maria Bengoa jauna hil barri dala, haren biografia hainbat hedabidetan argitaratu da. Alderdi bat baino gehiago ditu biografia horrek nabarmentzeko.

 

LABAYRU IKASTEGIKO OHOREZKO LAGUNTZAILEA

Labayru Ikastegiari jagokonez, Jose Maria Bengoa ohorezko laguntzailea izan da Ikastegia sortu zanetik bertatik. 1977an Ikastegia sortu barritan, sortze horren agiria eta laguntzaile edo babesle batzuen aitormenak dituan liburuxka argitaratu zan. Han datoz Bengoaren hitz honeek sorrera hori dala-ta: “ El Instituto Diocesano Labayru constituye un esfuerzo extraordinario, que nos permitirá conocernos mejor y saber si el pueblo vasco es capaz de hacer resurgir una cultura autóctona, olvidada unas veces y estrangulada otras. (…) Harán falta, en lo sucesivo, muchos otros centros similares al Instituto Labayru, vinculados a la Universidad Vasca futura o a otras instituciones culturales, que ahonden en nuestra historia y que ofrezcan alternativas de mejoramiento cultural y social de nuestro pueblo”.

Berba horreetan aitatuta dagoz bere ibilbidea, alderdi publikoan eta profesionalean behinik behin, bideratu daben ardatz nagusiak: gizarte arloa, kultura eta gure herria. Horreei familia gehitu beharko litxakie.

Hasierako babes hori beste ekarpen askogaz ugaritu da urteotan guztiotan: Bibliotekarako liburuak eta berak Venezuelan zuzendutako Euzkadi egunkaria lortzea, erakundearentzat diru-laguntza emotea, batzarretan parte hartzea, jakintza akademikoa trukatzea. Hartu-emona jarraikoa izan da azkenengo unera arte.

Amaia Renteria emaztea be izan da erakundeagaz loturea egiteko bidea. Izan be, 2005ean Gorgonio Renteria, Amaiaren aitaren idatzien bilduma argitaratu genduan: Izartu euskaldunak! Elantxobetar baten olerkiak eta artikuluak.

 

LANBIDEA ELIKADURA ETA NUTRIZIO ARLOETAN

Bilboko Zazpi Kaleetan jaioa zan Jose Maria 1913an, aita eta ama dendariak zituan. Lehenengo ikasketak han bertan egin eta gero, Valladoliden atera eban Medikuntzako lizentziatura. Baina ikasketak amaitu eta segiduan gerreak urten eban. Osasun arazoak zituala-ta ez zan borrokalekuan ibili, bai ostera, osasun militarreko zerbitzuetan Eusko Jaurlaritzaren aginduetara. Bitarte horretan osasun-zerbitzuak antolatzen erakutsi eban ahalmena asko goratu izan da eta, berarentzat be, bizitza profesionalean egingo eban bidearen iragarle suertau izan zan.

Gerra eta ostean erbesteratu beharra izan eban. Lehenengo Frantziara joan zan, baina handik Venezuelara aldendu zan. Sanare izeneko herrian emon eutsien mediku-beharra. Asko ikasi eban han, goseak eta elikadura eskasak ekarritako egoerea aztertu eban eta baita neurri batzuk ezarri be. Esperientzia horren emaitza izan zan Medicina social en el medio rural venezolano (1940) liburua, gerora barriro hainbat bider berrargitaratua.

Horregaitik edo, 1940an Venezuelako gobernuak Osasun Ministerioan Nutrizino Saila antolatzeko deitu eutsan. Eta 1955ean OMSetik Genevara deitu eutsien. Ordurako Amaia Renteriagaz ezkonduta egoan eta lau seme-alabaren aita zan.

OMS erakundeko urteetan Hirugarren Mundua esaten deutsagun horretako herrialde gehienetan ibili zan, bertakoakaz hartu-emonak egiten elikadura gaietan sare egokia eratzeko.

1960-62 bitartean Washingtonen emondako urteak kenduta, Genevan bizi izan ziran 1974 arte; orduan Venezuelara itzuli zan familia osoa, gurasoak eta sei seme-alaba.

Behin lanetik erretirauta, beste ardura batzuk bete zituan Consejo Venezolano de Investigaciones Científicas, Venezuelako Universidad Central eta Fundación Cavendes erakundeetan. Azken hori behera etorri zanean Fundación José María Bengoa sortu zan haren lekua beteteko.

Tarte horretan deitu eutsien lehenengo Eusko Jaurlaritzatik, Garaikoetxea lehendakari zala, Osasun Sailaren ardurea hartzeko. Azkenean aholkulari jardun eban 1979-1983 bitartean, familia Caracasen eukala. Gaur egun bere semea, Rafael Bengoa, da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua.

 

HERRIAGAZKO LOTUREA

Gaztetarik euki eban Jose Maria Bengoak hartu-emona abertzaleakaz. Acción Católicaren eragina be handia izan eban. Horregaitik, euskaldun eta abertzale jokatu izan dau beti, baina politikan baino gehiago gizarte arloaren ikuspegitik.

Esan dogu Eusko Gudarostean osasun-zerbitzua antolatu ebala. Caracasen diasporako euskaldunen artean hartu-emon asko izan zituan eta berak zuzendu eban Euzkadi aldizkaria Venezuelan argitaratzen zanean 1942-49 bitartean.

Labayru Ikastegiaren sorrerea babestu, Eusko Jaurlaritzan parte hartu eta hemengo barrietan egunean egon izan da beti. Hori bai, Venezuelari eskertuta hara heldu zanean bizitza aurrera aterateko emondako erea.

Atzerrian bizi arren, lantzean behin etorten izan da Euskal Herrira, eta azkeneko urte biak hemen emon ditu.

 

AZKEN ALDIKO AITORMEN ETA SARIAK

Hain ibilbide luze eta oparoa egin eta gero, azken aldian sari eta aitormen batzuk hartu izan ditu Jose Marik. Medikuntza soziala egin izana saritu deutsie gehienbat.

Osasunaren Erakunde Panamerikarrak Osasunaren Heroi izentau eban 2002an.

Alacanteko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa egin eban 2004an, eta Venezuelako Simon Bolivar Unibertsitateak 2006an.

Eta 2007an Sabino Arana Fundazinoak izen bereko saria emon eutsan.


© 2008 Labayru Ikastegia
Aviso Legal