80. zenbakia, 2008-02-15

HIZKUNTZA ARLOA ETNOGRAFIA ARLOA /
EUSKAL BIBLIOTEKA LABAYRU

Aretxabaleta, 1 - 1. // 48010 Bilbao
Tel.: 944 437 684 - Fax: 944 437 758
E-mail: labayru@labayru.org

Larrauri, 1A - 5. // 48160 Derio
Tel.: 944 060 171 - Fax: 944 060 173
E-mail: idazkaritza@labayru.org


· GAI NAGUSIA:
Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak
· NON ZER

· BARRIAK:
Labayru Ikastegia Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleak prestetan

Labayru Ikastegira etorritakoak

Aita Santi Onaindia Beka Iratxe Retolaza eta Ibon Egañarentzat

· EUSKEREAREN INGURUMARIAN:
Kanpantorrean kalabazak ipintea / Karramarroak hartzen
   
GAI NAGUSIA Hasiera

ANTXINAKO BERRIZ: BIZIMODUA ETA OHITURAK

 

Labayru Ikastegiak ahoz jasotako informazinoan oinarritutako altxortxu bat dakarsku Laratz bildumara Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak izenburupean.

 

LIBURUARI BURUZ

Ikerketa hau aurrera eroateko, Berrizko Udalaren Euskera Sailak Labayru Ikastegira jo eban. Helburu nagusia honakoa zan: Bizkaiko herri horretako ondare etnografikoa eta linguistikoa batzea eta jasotako informazinoori berorren seme-alaben artean zabaltzea.

Hontsura arte gurasoak eurak izan dira umeai, ohiturak zein ikusmoldeak, sinismenak zein jokabideak irakasten izan deutseezanak. Baina gaurko egunean hori ez da bete-betean holan, eta belaunaldi batetik hurrengorako ahozko transmisino hori eten egin da. Halan, lehenago etxean gurasoakanik ikasten ziranak, orain etxetik kanpora beste bide batzuen bitartez egiten dira.

Mendeetan zehar herri-pentsamoldea bete daben osagarriak, hau da, gure arbasoakandik, gizaldirik gizaldi, naturaltasun osoz hartu izan dogun ondasuna, desagertu aginean egotea ekarri dau horrek. Jentearen bizimodua aldatu egin da zeharo, bizimodu modernoak tradizionala zapaldu dau, ito: tradizinozko mundua joan joaku eta atzenean, zer esanik ez, haregaz batera hizkuntza bera.

Horrexegaitik ekin deutso Labayruk holako ikerketa eta berreskuratze lanari; oraingo honetan Berrizko Udalagaz bat egin da.

Herriko bizimodu tradizionala eta berriztarren herri-jakituriaren ezaugarriak batu, jagon eta, ahal dan ginoan, ostekoen artean iraunarazo eta zabaltzeko, lehenagokoak eta gerokoak, bitzuk, altxor horren jaube eta jagole izan daitezan burutu da lanau.

Lan honetan ez dago datu bibliografiko edota historikorik; horretarako argitaratu izan dira Berrizi buruzko beste liburu batzuk. Beharrau ahozko informazinoan oinarrituta dago, eta hatako nahitanahiezkoa izan da bertoko lekukoen laguntzinoa eta testigantza. Danetara, berrogeitik gora izan dira. Informanteak aukeratu orduan jarraitutako erizpiderik zorrotzena hauxe izan da: jaiotzaz berriztarrak eta hirurogei urtetik gorakoak izatea. Dana dala, badira gazte-gaztetarik Berrizera etorritakoak baina izatez alboerrietakoak diran informante banakak be. Bai batzuk eta bai besteak herrian izandako aldaketen, barrikuntzen eta bilakaeraren testigu izan dira.

Informazinoa jasotzeko, Don Jose Migel Barandiaranek Euskal Herriko Atlas Etnografikorako sortu eban Galdetegi etnografiko baterako gida erabili da. Horri eskerrak eguneroko bizimoduaren ezaugarriak, errituak, siniskerak, ohiturak, etab. erraz batu ahal izan dira.

Kapitulu nagusien hasieran sarrera etnografikoa be badago. Horretarako Labayru Ikastegiak eta Euskal Herriko Etniker Taldeak egiten diharduen Atlas Etnografikoa lanean jasotako informazinoa erabili da. Sarrerok lekukoen ekarpenen osagarri dira, eta bertan batu diran azalpenak Berrizerako ezeze, Bizkai osorako be baliagarriak dira. Luis Manuel Peña izan da sarreron egilea, Labayru Ikastegiko Euskera Zerbitzuaren laguntzagaz.

Ahoz hartutako informazinoori aurkeztukeran, lehenengo lekuko zaharrenarena jaso da, bizitzaren arlo desbardinetan izan dan eboluzinoa eta aldaketea hobeto erakusteko asmoz. Sasoi bereko datuak izan diranean, ostera, testigantzarik osotuenak eta zehaztasun gehien emoten izan dabenak hautu dira.

Lana zutabe bitan bananduta dago: ezkerrekoak lekukoaren berben transkripzino literala dakar, berak esaniko modu-moduan, eta eskumakoak, barriz, hori testu berori bizkaieraren eredu jagian emonda. Zeregin hori Igone Etxebarriarena izan da.

Testuok herriko antxinako argazkiakaz hornidu dira, lagungarri izan eitezan; guztira 150etik gora.

 

EGILEAI BURUZ

Behar honen arduradunak Maite Gerenabarrena, Berrizko Udalaren aldetik, eta Akaitze Kamiruaga Labayru Ikastegiarenentik, izan dira.

Maite Deustuko Unibersidadean Euskal Filologian, Euskal Herriko Unibersidadean Kazetaritzan eta Urrutiko Hezkuntzako Unibersidade Nazionalean Ingeles Filologian lizentziadua da. Gaur egun Berrizko Udaleko euskera teknikaria da.

Akaitze Deustuko Unibersidadean Euskal Filologian lizentziadua da. Labayru Ikastegiko Etnografia arloan hainbat urtez behar egin dau, Labayru Ikastegiko hiztegietako koordinatzaileetariko bat izan zan eta gaur egun Herri ondarea izeneko arloaren arduraduna da.

BARRIAK Hasiera

Labayru Ikastegia Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleak prestetan

Gurutze Ezkurdia, Bizkaiko Campuseko Euskera arduradunak halan eskatuta, Adolfo Arejitak Labayru Ikastegiaren izenean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultadeko Sarriko eta Elkanoko euskal irakasleentzat estilo hobekuntza tailerra zuzendu dau. Plan pilotoa da honakoau.

Guztira ordu biko lau saio izan dira zemenditik urtarrilera bitartean eta ikastaroaren helburua irakasleok eguneroko beharrerako beharko dituen ikas-materialak prestau eta hobetzea izan da; esaterako, irakasleak euren ikasleentzat edota interneten eskegitzeko atondutako ikas-materialen estilo hobekuntza jorratu da.

 

Labayru Ikastegira etorritakoak


Ezkerretik eskoatara: Gurutzi Arregi, Nestor Basterretxea eta Ander Manterola.


Ezkerretik eskoatara: Mikel Burzako, Gurutzi Arregi, Xulio Ríos eta Ander Manterola.


Ezkerretik eskoatara: Ander Manterola, Enrique Martinez, Antoni Miralda eta Segundo Oar-Arteta.

Igazko abendutik hona, hiru bisita aitagarri euki doguz Labayru Ikastegiaren Derioko egoitzan.

Halan, abenduaren 14an Nestor Basterretxea etorri zan Ander Manterola Labayru Ikastegiko zuzendariagaz berba egiten eta bide batez Labayru ezagutzen.

Urtarrilaren 9an Xulio Ríos, "Instituto Gallego de análisis y documentación internacional" erakundearen zuzendaria eta Mikel Burzako, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko hartu-emonetarako arduraduna etorri ziran Txinan 2008ko garagarrilean egingo dan antropologia biltzarrean Etniker taldeak ponentzia bat aurkeztu dagien konbita egiten. Eskari hori 2006ko irailean Labayrura etorritako Txinako antropologo biren bidez etorri da.

Zezeilaren 11n, ostera, Antoni Miralda pintorea etorri zan. Datorren bagilean Gasteizko Artium museoan erakusketa bat aurkeztuko dau. Hori dala-ta, Museoko Enrique Martinezegaz batera Labayrura etorri zan Etniker Taldeak egindako Atlas Etnografikoa ezagutzen eta Euskal Herriko elikadura eta erritoak zeintzuk eta zelakoak diran ikasten.

 

Aita Santi Onaindia Beka Iratxe Retolaza eta Ibon Egañarentzat

Joan dan zezeilaren 13an Amorebieta-Etxanoko Udalak, Labayru Ikastegia eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, Iratxe Retolaza eta Ibon Egañari emon eutsien Aita Santi Onaindia Ikerketa Bekea. Hamargarren edizino honetara beste lau ikerketa be aurkeztu baziran be, donostiar bion egitasmoak gehiengo puntuazinoa jaso eban egitasmo zindo eta landua izanaz gainera, bekearen helburua bete-betean beteteagaitik, hau da, euskal literaturea ikertzeagaitik.

Ikertzaile biok "Azkenengo hamarkada biotako euskerazko liburuen kritikaren garapena" landuko dabe. Beharra urte honen amaierarako aurkeztu beharko dabe eta 2009rako argitaratu egingo da Labayru Ikastegiaren eskutik. Ikerketaren helburua azkenengo hamarkada biotan euskal literaturearen gaineko diskurso kritikoa zelan aldatu dan eta idatzitako prentsa espezializau bakoan non igarri dan diziplina honen gorakadea.

NON ZER Hasiera

 

  • Zezeilaren 28an, eguena, arrastegiko 5etan, Labayru Ikastegiko Etnografia arloak eratuta, Etnografia mintegia izango da Ana Rodriguez, Tacuaremboko gotzaitegiaren memoriaren zentroko antropologoaren (Uruguay) eta Luis Manuel Peña Labayru Ikastegiko Etnografia arloko ikertzailearen eskutik. Berbagai izango dabe eurak 2007ko bagilean eginiko "La ganadería en Carranza en la actualidad" bideo-bildumea.

  • Datorren zezeilaren 19tik martiaren 28ra Mar Kamiruagaren margoak ikusgai egongo dira Bilboko Siena Arte Galerian (Urkijo Zumarkalea, 42). Bereak dira Labayru Ikastegiaren azken urte biotako egutegietako margolanak.
EUSKEREAREN INGURUMARIAN Hasiera

Kanpantorrean kalabazak ipintea / Karramarroak hartzen

Hona dakarguzan kontakizunok Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak liburutik jasoak dira.

Lehenengoa Domu Santuetako ohitura bat, Herminia Lazpitari jasoa.

Domu Santun kalabasak torran, ba kanpaie joten san Domu Santu arratzaldetik eta Arimen-egune, illen bidxe ixete san da, ta ixeten da, da gabien edo illuntzidxen ipintte san kalabasie, begidxek eta ague iñ, barruen kandelie sartu ixotute, kanpatorrien. Kalabasie ustu eitte san barrue, sulue eiñ aspitti, asidxeketa kendu, da gero ipintte akon kandelie barruen da begidxek da ague etaata ipintte akosan, sein dde... buru baten formie. Da sartze dxakon kandelie erdidxen, da karo, arek begidxetati eta surreti-eta, argidxe ikusi eitte san. Ganera orduen eseuen argiik kalietan, da dana illunetan, Ta a ba, ixentasiñu kalaberiena ixengo san a..., nik pentzau, gastie gintzesan da..., baiñe ba ortxe ipintte san kalaberien e... ETA BAT BAINO GEHIAGO IPINTEN ZENDUEZAN? Es, bat jeneral. Es ke idxon be esin seitten ein torrera asko, eskillarak apurtute euesan, eskillara eskasak euesan. ETA GAU OSOAN IXTEN ZAN HAN ? Bueno ba, amatau arte, kandelie amatau arte.

 

Domu Santuan kalabazak torrean. Kanpaia joten zan Domu Santu arratsaldetik eta Arimen-eguna, hilaren bia izaten zan-eta, eta izaten da. Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen... ETA BAT BAINO GEHIAGO IPINTEN ZENDUEZAN? Ez, bat jeneralean. Igon be ezin zeitekeanegin torrera asko, eskilarak apurtuta egozan, eskilara eskasak egozan. ETA GAU OSOAN IXTEN ZAN HAN? Amatau arte, kandelea amatau arte.

 

Bigarren hau naturagaz zerikusia daukan ume-jokoa dozue; Jon Aranoa da horren lekukoa.

ETA KANGREJURIK EGOTEN ZAN? Guk Sarridxen eskuekiñ, erretelik sekule bes, da Don Isidro, Andikoako abadie, a lapikoas etorte san, lapiko gorritxo batas, da aber kangrejo batzuk arrapaten dosusen da gu motibue desietan seosetan eitteko. Ta arrapaten gendusen kangrejuak, orduen asko arrapate gendusen eskus, da arek sue eindde eukitte aben, da lapikuen ure, lapiko orrek lenauko lapikuek, da emote geuntzen kangrejuok, eta irakitten aste sanien botate basan kangrejuok ara, gatza bota bertan, da kangreju jaten. Arentzat estegue ixete san! Asko gustate dxakon Don Isidrori. Kangrejuek orduen asko arrapate sien. ZELAKOAK ZIRAN? Illunek, bertakuek, baltzak, oin das pikadunek, baiñe orduen pikadunik eseuen, orduen dana baltzak. Eta kangrejue, gosue e! Amen beste baten, estait jaidxek-ero sien, jaidxen urrengo egune-ero ta serak, Gregoriok, Tornek: -Ia mutikuek, sera, kangreju batzuk, edo seoser topau, eskailluek-ero or, olgetan-eta barik, piskat seoser probetxusko-edo aber, benga! - . Seridxoseridxo, da juen errekara, batzuk eskailluek, sare txiki bat emote oskun, da batzuk eskailluek, eta bestiek kangrejuek ekarri, da Gregorio berak preparau da gauri emon, gauk gastion artien jateko, ekarri da gauri preparau berak. ETA EZKAILUAK JAN EGITEN ZIRAN? Bai, eskaillue oso gosue da! Orduko eskaillue garbidxek sien e! ZELAN PREPARETAN ZENDUEZAN? Eskaillue erresena, ori geu pe bai. Eskailluai ein bi dxako, oridxo bero-beruen bota, emon buelta bi tte fuera! Angulen estilora. Eskaillue da errasena.

 

ETA KANGREJURIK EGOTEN ZAN? Guk Sarrian eskuekin, erretelik sekula be ez. Don Isidro, Andikoako abadea, lapikoagaz etorten zan, lapiko gorritxo bategaz, eta ia kangreju batzuk harrapetan dozuzan eta gu motiboa desietan zeozertan egiteko. Eta harrapetan genduzan kangrejuak, orduan asko harrapetan genduzan eskuz, eta harek sua eginda eukiten eban, eta lapikoan ura, lapiko horreek lehenagoko lapikoak. Emoten geuntsazan kangrejuok, eta irakiten hasten zanean botaten ebazan kangrejuok hara, gatza bota bertan, eta kangreju jaten. Harentzat eztegua izaten zan! Asko gustetan jakon Don Isidrori. Kangrejuak orduan asko harrapetan ziran. ZELAKOAK ZIRAN? Ilunak, bertakoak, baltzak, oin dagoz pikadunak, baina orduan pikadunik ez egoan, orduan danak baltzak. Eta kangrejua, gozoa! Hemen beste baten, ez dakit jaiak-edo ziran, jaien hurrengo eguna-edo eta, Gregoriok, Tornek: -Ia mutikoak, kangreju batzuk, edo zeozer topau, ezkailuak-edo hor, olgetan-eta barik, pizkat zeozer probetxuzko-edo ia!-. Serio-serio, eta joan errekara, sare txiki bat emoten euskun, eta batzuk ezkailuak, eta besteak kangrejuak, ekarri, eta Gregoriok berak preparau eta geuri emon, geuk gazteon artean jateko. Ekarri eta geuri preparau berak. ETA EZKAILUAK JAN EGITEN ZIRAN? Bai, ezkailua oso gozoa da! Orduko ezkailuak garbiak ziran! ZELAN PREPARETAN ZENDUEZAN? Ezkailua errazena, hori geuk be bai. Ezkailuari egin behar jako, orioa bero-beroan bota, emon buelta bi eta fuera! Angulen estilora. Ezkailua da errazena.

Gerenabarrena, Maite, Kamiruaga Akaitze. Antxinako Berriz: bizimodua eta ohiturak.
Bilbao: Labayru Ikastegia; BBK Fundazioa, 2008, 286 eta 530 or.

 

 

Boletina web-orrian ikusgai: http://www.labayru.org

 

 
 
Izena emoteko edo kentzeko, bialdu eizuz zeure datuak beheko laukiak bete eta ostean.
Izena E-posta

 

labayrugaur@labayru.org
Gorane Intxaurraga
Labayru Gaur aldizkari elektronikoaren arduraduna