Saltar el menu
denda online

Barria

2012-05-15 17:31

Ander Materola, Gurutzi Arregi eta Klaudio Barroeta Ohorezko Laguntzaile

 

Labayru Ikastegiko Artezkaritzak hiru Ohorezko Laguntzaile izendatu ditu. Hona euren ibilbidearen barri

Ander Manterola Aldekoa (Zeanuri, 1934) 1957an abadetu zanetik, Bizkaiko hainbat herritan ibili da abade eta gaur egun be bere herriko eleizan laguntzen dau. Humanidadeetako irakaslea izan da Bilboko Seminario Txikian eta Eleizbarrutiko Aholkularia Herri Gaztedin.

Lovainako Unibertsidade Katolikoan egon eta gero (1967-1968), Bilboko Seminario Txikira bialdu eben Seminarista Teologoen arduradun (1968-1974), eta ganera Seminarioko liburuzain izendatu eben, orain be betetzen dauen ardurea.

Eleizbarrutiko Irakasle Eskolako zuzendari eta Euskera Saileko irakasle izan da (1974-1979). 1979-80 ikasturtean Parisen bizi izan zan eta École des Hautes Études en Sciences Sociales dalakoan ikasketak egin zituan. 1983-1996 bitartean Antropologia Kulturaleko eskolak emon zituan Gasteizko Teologiako Fakultadean eta 1985ean Bilboko Instituto de Teología y Pastoral-ean.

Eleizbarrutiko ordezkaria izan da Bilboko Radio Popularrean (1981-1984) eta Kontseilu Presbiterialeko kidea 1969 eta 1973 bitartean. 1986tik Gotzainaren Aholkularien Kolegioko kidea da, gotzainak izendatuta.

1971an, Carmelo Etxenagusia eta Mikel Zarategaz batera, euskal Hizkuntza eta Literaturako udako ikastaroak sortu zituan, Derioko Udako Euskal Ikastaroak esaten deutsegunak, eta 2009ra arte zuzendu dituanak. 1985ean Labayru Ikastegiko zuzendari izendatu eben eta kargu horretan egon da 2009ra arte, Adolfo Arejitak erreleboa hartu arte. Sorreratik bertatik Artezkaritzako kidea izan da eta orain be bada.

Etniker Bizkaia Taldeko arduraduna eta Etniker Bizkaia aldizkariaren zuzendaria da 1975etik. Labayru Ikastegiko Euskal Bibliotekaren sortzaile eta zuzendaria 1970etik. Etniker Euskalerria Taldeen eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoko zuzendaria da, orain arte zazpi ale argitaratuta daukazan lanarena.

1977an José Miguel de Barandiaranek deitu eutsan Sociedad de Estudios Vascos/Eusko Ikaskuntza barriztuteko, eta haren Batzorde Iraunkorreko idazkariorde eta Bizkaiko presidenteorde izan da 1991 arte.

Beste ardura eta meritu batzuen artean honeek aitatuko ditugu: Anuario de Eusko Folklore zuzentzen dau; Bilboko Euskal Museoa/Museo Vascoko Patronatoko kidea da 1989tik aurrera; Baionako Musée Basqueko Ohorezko kidea. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide (1983-84); Revista Internacional de los Estudios Vascos aldizkarian Idazketa Batzordeko eta Batzorde ejekutiboko kide; Barandiaran Fundazioko Patronatoko Batzordekoa.

Bizkaiko Seme Kutuna da (2002), Euskaltzain Ohorezkoa (2002), Bilboko Liburu Azokako Urrezko Luma (2005) eta Lauaxeta Saria hartu eban Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengoz saria ezarri ebanean (2005).

Argitalpen, monografia, kolaborazio eta artikulu asko egin ditu, baten bat aipatzearren nabarmenduko dogu Euskaldunak lanerako egindako ekarpena eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren zuzendari moduan egindako lana.

 

Gurutzi Arregi Azpeitia (Lemoa, 1936) durangar sentitzen da, 1940tik aurrera Durangon bizi dalako. Lehenengo ikasketak San Vicente de Paul ikastetxean eta Idazkaritza eta Kontabilidadea Santa Susana ikastetxean egin zituan. Hogei urtez zuzendariaren idazkari jardun dau Durangoko industria arloko enpresetan.

Soziologia ikasi eban Deustuko Unibersidadean eta 1975ean lizentziatu zan. Bertan atera eban doktoradutza Zientzia Politiko eta Soziologian 1996an.

1973tik dabil etnografiako beharrak egiten José Miguel de Barandiaran jaunak zuzenduta, eta Etniker Bizkaia sortzeko eragilea izan zan, etnografiako ikerketarako taldea sortzeko.

Antropologia Kulturaleko irakaslea izan da Eskoriatzako Unibertsidade Eskolan (1979-1994); Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos erakundearen barruan,  Antropologia-Etnografia Saileko presidentea (1979-1988) eta Idazkari kudeatzailea (1982-1990); Bilboko Euskal Museoa/Museo Vascoko Patronatoko kide (1981 eta 1989) eta Durangoko Arte eta Historia Museoko bokala (1991-1994). 2004an Durangoko Udalak, Durango Uria sarien barruan Aukera Berdintasunerako saria emon eutsan.

2008tik aurrera Labayru Ikastegiko Etnografia Arloa zuzendu dau eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoko ikerketen koordinatzailea da. Atlaseko Idazketa Batzordeko kidea da, Labayru Ikastegiko Artezkaritzako bokala sortu zanik eta gehiago, eta 2010era arte Artezkaritzako idazkaria izan da. José Miguel de Barandiaran Fundazioko Patronatoko eta Batzorde Zientifikoko kide izan da. Anuario de Eusko Folklore, Etniker Bizkaia eta Cuadernos de Sección de Antropología y Etnografía aldizkarietako Idazketa Batzordeko kidea da.

Argitalpen eta artikulu asko egin ditu, hona hemen batzuk: Ermitas de Bizkaia (3 ale, 1987; Origen y significación de las ermitas en Bizkaia (doktore tesia, 1999), Euskaldunak lanerako ekarpenak, Vida y obra de don José Miguel de Barandiaran 1889-1991 monografia (Ander Manterolagaz batera, 2003) eta Atlas Etnográfico de Vasconia lanean koordinatzaile eta idazle moduan egindakoa.

Klaudio Barroeta Amorrortu, C.M.F. (Igorre, 1922), Euskerazaleak Alkarteko kidea da, 2003tik aurrera presidenteorde eta presidente 2008an hasita.

Lehenengo ikasketak Igorreko Marianistenean egin ebazan; gero, hamabi urte baino ez zituala sartu zan Klaretarrenean. Han egin ditu bide profesionala eta erlijiosoa.

Balmaseda, Santo Domingo de la Calzada, Agurain, Beire (Nafarroa) eta Miranda de Ebron egin ditu ikasketak. Azken horretan ordenatu zan 1948an.

Lehenengo Segoviara bialdu eben, klaretarren seminarioko irakasle (1950-1952). Handik Tolosara, pastoral ardurak hartzeko (1954-1961). 1961-1968 bitartean Bilbon bizi izan dan, irakasle eta pastoral ardurak tarteka betetzen zituala. Horren ostean Iruñean eta Beiren egon izan da (1968-1974).

1974tik 2003ra Tolosan bizi izan zan. Garai horretan Poxpolin ikastola sortu eta zuzendu eban (1974-1991). Zeregin horretarako, eskolak emoteko talde profesionala osotu behar izan eban, azpiegitura egokitu eta legeak aldatu ahala horretara ekarri be bai.

Garai berekoa da Maitasun garretan. Klaret Andoni deuna (San Antonio Mª Claret. Testigo de amor) lana, bera arduraduna dala (1977).

2003an Bilbon jarri zanetik, 2010era arte Sanatorio Bilbainoko kapelau egin eban, eta Euskerazaleak Alkarteagaz gero eta hartuemon estuagoa egin dau, gaur egun presidente kargua daukala.


© 2008 Labayru Ikastegia
Aviso Legal