

Labayru Ikastegiak urte asko daroa –hogei urtetik gora– lexikografia arloa jorratzen, eta asko be badira arlo horretan behar egin daben filologo, irakasle, idazle, itzultzaile eta, jakina, hizkuntzaren lekuko ziurrak.
Ibilbide luze eta neketsu horren lehenengo hobariak dira 2003 eta 2005ean argitaratu genduzan Labayru Hiztegia. Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik (euskera-gaztelania) eta Diccionario Labayru. Vizcaíno y Batua conjuntados (castellano-euskera) hiztegiak, banan-banan.
Biak dira egitasmo bakarraren adarrak, izenaz eta izanaz be bai. Mendebaldeko euskera, bizkaiera ohi deritxana, oinarri hartu eta, euskera batuaren barruko lokarriak sendotuaz bide batez, gure euskalkiaren lexikorik handiena finkatu dabe; halan ba, eredu bitzuok buztarturik dakarrez. Horretarako baina, herri-euskera ardura bereziaz batu eta ahozko literatura polito aztertu behar izan dabe; idatzizko iturriak be bardin, literatura klasikoaren zein modernoaren izenik handieneko egileen corpusak hutsitu ditue eta.